Nor gara. Gure historia. Elkartea

Bazkideak, Zuzendaritza Batzordea eta Moduluko profesionalak

M.A.P.S. (Deustu-San Inazioko Modulu Psikosoziala) irabazi asmorik gabeko elkartea da. 1982an sortu zen baliabide publiko gisa, Administrazioek babestu gabeko jarduketa-esparru bio-psiko-sozialetan lan egiteko Bilboko Deustu, San Inazio, Elorrieta eta Arangoiti auzoetan. 60.000 biztanle ingururengana heltzen da, eta horietatik ia 32.000 emakumezkoak dira.

Gure helburua da biztanleriaren arazoak modu integralean artatzea.

Egun, ondoko alorretan ematen ditugu zerbitzuak: kontrazepzioa, psikologia (helduak oro har, haurrak, droga-mendekotasunak eta alkohola), psikiatria eta alderdi juridiko eta sozialak. Ondorioz, gure profesionalen taldea osatzen dute psikologoek, psikiatrak, plangintzan espezializaturiko medikuak, abokatuak, gizarte-langileak, pedagogoak eta administrariek. Era berean, prebentzioan eta sentsibilizazioan lan egiten dugu, berdintasunaren, genero-indarkeriaren, gizarteratzearen eta bazterkeriaren alorretan.

Gure zerbitzuak edonork jaso ditzake dohainik, aurretik hitzordua eskatuta telefonoz edo telematikoki.

2012.urtean, Moduluak Emakunde Saria jaso zuen Berdintasunaren alde eta indarkeria sexista prebenitzeko egiten duen lanagatik.

Gure zerbitzuak Eusko Jaurlaritzarekin eta Bilboko Udalarekin itunduta daude, eta gehienak erakunde horiek finantzatzen dituzte.

 

Eremu handi eta funtzionalak

Gure historia

Zentroa gurasoen kolektibo batek sortu zuen haien seme-alaben drogazaletasunak kezkatuta, 1980an. Bi urte geroago, elkarte gisa eratu zen legez boluntarioki parte hartzen dugun hainbat profesionalen laguntzarekin.

1983an, eta Deustu eta San Inazio auzoetako orduko Emakume Feministen Taldearen eskutik, kontrazepzio-zerbitzua (orduan familia-plangintzarako zerbitzua deitua) eta beste zerbitzu orokor batzuk jarri ziren martxan, esaterako, adingabeentzako arreta, arreta juridikoa eta psikologikoa tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzat, etab. Ordura arte, horiek guztiak ez ziren inon eskaintzen ikuspuntu instituzionaletik.

Zentroan garaturiko lanak berehala jaso zuen herri-erakundeen ordaina, izan ere, prestazioei izaera publikoa aitortu zieten; hala, diru-laguntzak onartu zituzten eta, geroago, itunak ere bai. Urteek aurrera egin ahala, lankidetza garatu da erakundeekin eta aipatu zerbitzuak haien sareetan txertatuz joan dira, baina betiere zentroaren autonomia, filosofia eta, batik bat, izaera unitarioa errespetatuta.

1987an, zentroa erakunde gisa eratu zen egungo izenarekin; aurretik ere izen honekin zen ezaguna: Deustu-San Inazioko Modulu Psikosoziala.

Halaber, herri-erakundeekin eta administrazioekin garaturiko elkarlana eta zentroko zerbitzuak sare publikoan txertatuta egotea errealitate bilakatu ziren denborarekin. Egun, lankidetza-maila hauek garatzen dira ondoko alorretan:

1.- Bilboko Udalarekin “Emakumea”, “Osasuna eta Kontsumoa” eta “Gizarte Ongizatea” esparruetan. Horiekin lotuta, honako zerbitzu hauek eskaintzen dira: adingabeentzako eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako arreta psikologikoa, arreta juridikoa, sentsibilizazioa eta prebentzioa ugalketa- eta sexu-alorrean, prebentzioa eta sentsibilizazioa drogazaletasunaren, alkoholismoaren, berdintasunaren eta indarkeria sexistaren esparruetan. Horrez gain, modu irekian kolaboratzen da adinekoei, atzerritarrei, eskola-eremuari eta bazterkeriaren prebentzioari begirako proiektu eta kanpainetan.

 2.- Eusko Jaurlaritzarekin, Osasun Sailaren bitartez, itunak ditugu kontrazepzioaren, drogazale eta alkoholikoentzako arretaren eta Metadona programaren alorretan. Osasun-esparruetan, zentroa erabat txertatuta dago Osakidetzaren sare publikoan, beraz, sarearen beraren baliabidetzat jotzen da eta gure medikuek baimena dute Gizarte Segurantzako errezetak emateko. Era berean, zenbait laguntza jasotzen ditugu proiektu zehatzak garatzeko Berdintasunaren eta indarkeria sexistaren eremuetan (egun Emakundek kudeatzen ditu).

 3.- Bizkaiko Foru Aldundiak ere ematen ditu diru-laguntzak proiektuak garatzeko, esate baterako, Emakumeentzako arreta juridikoa, Berdintasunaren alorreko proiektuak eta haurrentzako arretarekin lotutako beste batzuk, Emakumea eta Familia Sailaren bidez.

4.- Gainera, beste erakunde batzuekin ere (Emakunderekin, kasu) garatzen da lankidetza programa zehatzak garatzeko Berdintasunaren, Immigrazioaren, tratu txarren eta abarren alorretan.

Horren guztiaren ondorioz, etengabeko lankidetza eta koordinazioa dago zerbitzu publikoekin baliabideak optimizatzeko; hala, erabiltzaileak elkarren artean bideratzen dira, etengabeko komunikazioa izaten da oinarrizko langileekin eta informazioa ere une oro partekatzen da.

Programen ezarpen, eskariaren hazkunde eta garapen maila ez da beti egon behar bezala lagunduta ekonomikoki; hain zuzen ere, aldian-aldian zailtasun ekonomikoak izaten dira eta prestakuntza handiko profesionalak baliabide gutxirekin mantendu behar dira.

2012. urtearen bukaeran, Emakunde saria jaso zen. Horrek aitorpena ekarri zion Modulu Psikosozialen ibilbideari Berdintasunaren eta indarkeria sexistaren kontrako prebentzio eta sentsibilizazioaren arloan.

 

 

Elkartea 

Zentroko talde teknikoak garatzen dituen berariazko arreta-jarduerez gain, Modulu Psikosoziala elkarte bat da batik bat; hala, bertan parte hartzen dute zentroko langile ez diren pertsonek zein oro har Bilborekin eta zehazki Deustu-San Inazio auzoarekin loturiko beste elkarte eta entitate batzuek.

Lankidetza-mailak gauzatzen dira erabakiak hartzeko orduan, erakundearen Batzar Nagusiaren bitartez, zein maila pribatuan, bai eta arlo indibidualean ere, erabiltzaileei laguntza emateko lanetan eta erakundean bertan garatzen diren kolaborazio edo praktiken bidez. Edonor bihur daiteke bazkide dohainik, baldintza bakarra da elkartearen helburuak betetzen laguntzeko nahia izatea.

 

Gazteentzako astearteetan

Gure sareak – Nuestras redes

Dónde estamos – Non gaude