2022ko A25

Berriro ere Azaroak 25ean feminismoaren ahots aldarrikatzaileei gurea gehitzeko beharrean gaude indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortze aldera. Deustu- San Inazioko Modulu psikosozial honetan 35 urte baino gehiago daramatzagu indarkeria matxista hauek biktimak eta bizirik dirautenak artatzen. Gutxiagotu beharrean gehiago eta gehiago topatzen ditugu, eta egoera batzuk txarrera ere egin dute. Honengatik ziur gaude beharrezkoa dela justizia Feminista aldarrikatzen duen aurtengo lelora atxikitzea, egungoa guztiz eskasa delako eta batzuetan bortitza ere.

Eta badakigu zertaz ari garen, banan banan emakume asko artatu ondoren, beren osasun sexual eta osasun birsortzaile eskubideak bermatzen laguntzera etorri diren milaka emakume. Kontsultategian behin eta berriro entzun dugu euren erabakiak zelan zalantzan jarri dizkieten, zelan beren kezketan bakarrik utzi dituzten, zelan erasoak jaso dituzten zenbait profesionalekin eta zelan eraso sexualen ondorioak pairatu dituzten.

Justizia erakundeak zehazki haien prozesuetan zelan traba egin dieten ere entzun dugu, hauek luzeak, zailak eta ulertezinak bilakatuz.

Indarkeria pairatu duten emakumeei egozten zaizkien kontrol mekanismoen bitartez haien askatasuna mugatua ikusi dutenen testigantzak entzun ditugu terapian. Seme alabak banaketa prozesuetan euren amak zalantzan jartzeko eta min emateko erabiliak izan direla ikusi dugu. Haurtzaroan bizitako eraso sexualen kontakizunak entzun ditugu, edo egunero bizitakoak ezkontideen ohean, edo bortizki kalean….eta ez dira aitortuak ezta artatuak  izan.

Orduan bai, haserre gaude eta justizia feminista aldarrikatzen dugu guk ere, askeak eta bizirik nahi ditugulako gure buruak.

Moduluan azaroak 25eko manifestaldiaren deialdira hurbiltzen garen guztiekin gorpuztu nahi gara, bidea antolaketa eta autodefentsa feminista delakoan gaudelako, aurten mugimendu feministak nabarmentzen duen bezala.

Moduluko emakumeei zuzendutako  zerbitzuan, indarkeria matxistak pairatu dituzten edo pairatzen jarraitzen dituzten emakumeak artatzen jarraitzeaz gain, gure arteko antolaketa eta autodefentsa sustatzen jarraituko dugu, auzoan jaio ginelako eta bertan sareak ehuntzen jarraitu nahi dugulako.

Gora Emakumeon Borroka! Gora Autodefentsa Feminista!

468 ad